TAKE en prensa. Iragan ostiralean espero ez zuen berria jaso zuen Lander Lasa-k (Tolosa, 1988). EBA mailan ari den Lan Mobel Iraurgi saskibaloi taldeko jokalariak aurrerantzean Lagun Aro taldearekin entrenatzeko aukera izango du. «Gustura» dago eman dioten aukerarekin, baina badaki «zaila» izango duela ACB ligako partidetan jokatzea.
Nola jaso zenuen Lagun Arorekin entrenatzeko albistea?
Sorpresa handia izan zen. Iraurgiko entrenatzaileak deitu zidan. Kolpe bat izan nuen sudurrean duela gutxi, eta uste nuen horri buruz galdetzeko zela, eta Lagun Aroren eskaintzarena esan zidan. Ezusteko pozgarria izan zen.
Beraz, bi taldeetan jarraituko duzu.
Orain libre ditudan egunetan baino ez dut entrenatuko Azpeitiako taldean, gainerako egunetan Lagun Aron ariko bainaiz. Asteburuetan, berriz, Iraurgirekin jokatuko ditut partidak.
Lagun Aron entrenatu egingo duzu soilik. Zergatik hori?
Lagun Aron fitxa irekitzen badidate eurekin lotura izango nuke, eta ezingo nuke Iraurgirekin jokatu gehiago. Lagun Arorekin denboraldi honetan ez nuke partidetan jokatzeko aukerarik izango, aulkian egongo nintzakete, horregatik egokiago ikusten dut nik ere Iraurgirekin jarraitzea.
Eta hurrengo denboraldian jokatzeko aukera izango al zenuke?
Hori beraiek erabakiko dute. Denboraldi honetako entrenamenduen arabera izango da. Nire esku dagoela uste dut. Entrenamenduetan maila ona ematen badut aukera izan nezake. Taldean pixka bat sartzeko eta arduradunek nere maila ikusteko baliatuko dute aurtengo denboraldia. Beraz, hurrengo urtera begiratu baino, aurten lan txukuna egiten saiatu behar dut.
Zu taldean sartzea jokalari batek utzitako hutsunearekin lotu dute.
Bai. Edgar San Epifanio jokalariak taldea utzi du. Ez zuen Lagun Aron jokatzeko aukera gehiegirik, eta ondorioz, Kataluniara bueltatzea erabaki du. Horregatik, orain niri eman didate aukera, partidetan jokatu ez arren, entrenamenduetan bere lekua hartzeko.
Zure burua ikusten al duzu ACB ligan jokatzen?
Beti dago ilusioa eta esperantza, baina hori niretzat oraindik pauso oso handi bat ematea da. Urrun dago hori oraindik.
Datorren urtean izan daiteke agian.
Oso ona litzateke, baina oso zail ikusten dut oraingoz. Nik Iraurgin jarraituko dut denboraldi amaierara arte nire maila ematen, eta ikusiko dugu ea datorrenari begira zer etortzen den.
Zer moduz ikusi duzu zure burua Lagun Arokoekin entrenatzen?
Sei aldiz entrenatu dut Lagun Arorekin. Lehenengo egunean nire Iraurgiko kideek eta entrenatzaileek lagundu ninduten oso urduri bainengoen. Baina egunek aurrera egin duten neurrian ondo ikusi dut nire burua. Maila oso altua dute jokalariek eta gorpuzkerari dagokionez, sendoagoak direla esan daiteke. Uste dut nahikoa ari naizela parte hartzen entrenamenduetan eta nire maila ari naizela ematen, beraz, gustura nago.
Taldearen harrera zer moduzkoa izan da?
Bedeinkapen modukoa-edo egin didate taldean sartzean, eta jokalari gazteena naizelako izan dut txantxaren bat edo beste, baina oso ondo. Taldeko jokalariekin erlazio ona dut, eta pozik nago.
Iraurgiko kideak ere poztuko ziren zurekin.
Nire moduan ezustean hartu zuten berria, eta guztiek animatu naute aurrera jarraitzeko. Ahal dudana egiteko esan didate, baina Iraurgin jokatzean ere maila berean mantenduz.
ACB ligako maila hain gertu ikustea handia izango da. Era berean garrantzitsua izango da norbere lekua zein den jakitea.
Bakoitzak bere lekua du eta norberak daki ondoen zein mailatan dagoen.
Iraurgi denboraldi oso txukuna egiten ari da aurten.
Bai. Lehenengo postuan gaude, eta dezenteko aldea ateratzen diogu bigarren taldeari. Orain Galiziako beste talde batean sartzen gara, eta hor igoerako fasea jokatuko dugu. Lehenengo bigarrenak sartuko gara talde horretan. Aurtengo taldea iazkoa baino ahulagoa izan arren, oso ondo ari garela esan behar da.
Eta Lagun Aro?
Hasieran uste zutena baino askoz hobeto ari dira. Azken partidetan pixka bat jaitsi dira, baina oraingoz denboraldi ona egiten ari dira.
Jokalari ezezik entrenatzaile bezala ere aritu zara. Zer moduzko esperientzia izan da?
Orain arte kiroldegian aritu naiz lanean eta arratsaldetan TAKEko jubenil mailako talde bat entrenatzen nuen. Orain, ordea, ezin dut entrenatu nire ordutegi berria dela eta. Asko gustatzen zitzaidan entrenatzea, eta gainera taldeko jokalariak gogor saiatzen dira, eta horrek pozten nau.
Nola ikusten duzu Tolosan saskibaloia?
Nik Tolosan jokatzen nuenean talde gutxiago zeuden, orain berriz talde asko daude, bereziki gaztetxoen artean, eta hori oso inportantea da. TAKE asko hazi da azken urteetan eta Gipuzkoako klub garrantzitsuenetekoa dela esan daiteke.
Zergatik aukeratu zenuen saskibaloia?
Patinajean aritzen nintzen, atletismoan baita ere, baina nire kirol gustukoena futbola zen. Egun batean futbol eta saskibaloi probak egin behar zituzten, eta nik saskibaloikoak egin nituen. Nire familia guztiak saskibaloian jokatu izan du, eta pentsatu nuen poztu egingo zirela nik ere saskibaloia aukeratuta. Uste dut aukera ona izan zela.
Eta Tolosatik pixkanaka gorantz egin duzu.
Tolosan hasi nintzen jokatzen infantil mailan. Kadete mailan ondoren eta jubenil mailan baita ere. Atletico San Sebastianen jarraitu nuen jubeniletan. Gero Askatuak taldean jokatu nuen, eta handik Burgosera joan nintzen. Han urtebete pasa ondoren Azpeitiko Iraurgira joan nintzen, eta han eman ditut azken bi urteak.
takesb.com-eko erredakzioa